Argia egunkarian elkarrizketa

Berriak - Argia

“Behi esne ekoizpen industriala agortua dagoela uste dugu”

Desintentsifikatzeko bidea hartu duen Karrantzako Vista Alegre baserriaz duela gutxi idatzi genuen, eta antzeko hautua egin duen Baztango beste proiektu batekin gatoz aste honetan: Jauregia esnekiak. Anizen, familiaren behi esne ekoizpenarekin jarraitzea erabaki dute bertako bi semeek, baina ereduan aldaketa nabarmenak eginez. “2004 arte gure ekoizpen guztia esne industriara bideratzen zen, baina urte horretan gu geu eraldatzen hasi ginen, eta 2009tik, ez diogu ezer saltzen industriari”, azaldu du Mikel Azkarate Tomassone Jauregiako kideak.

 GARAZI ZABALETA @tirikitrann

2022ko otsailaren 18a

2000. urtean hasi zen Azkarate aitarekin lanean, hasiera hartan eredu intentsiboan. Handik gutxira, ordea, Aitor anaiak haiekin lanean hasi nahi zuela eta lanpostu berria sortzekotan zirela, horretarako 30 behi gehiago jarri beharra zituztela esan zieten Nafarroako Gobernutik. Jauregiako kideek ez zuten hori nahi, ordea, eta bestelako ereduen bila hasi ziren. “Zer gertatzen zen? Nafarroan inork ez zuela etxean behi esnerik eraldatzen eta denok industriara saltzen genuela”, dio.

Bila hasi eta azkenean, Ipar Euskal Herrian topatu zuten haien galderaren erantzuna: “Han esperientzia handiagoa zegoen, eta datuek zioten hirugarren lanpostua sortzeko bederatzi tona gazta ekoitzi behar genituela”. Kalkulagailua hartu eta kalkuluak egiten hasi ziren: 9 tona gazta = 90.000 litro esne = 10 behi. “Datu horiek aurkeztu eta, azkenean, gobernuak gasnategia sortzea onartu zigun”. Behin anaia lantaldean sartuta, gazta ekoizpenari ekin zioten, eta eraldatzen zutenarekin eta 2008an Elizondon jarritako esnea saltzeko makinarekin, industriari saltzen zioten esne kantitatea txikitzen joan ziren.

Pauso bat aurrera, ekologikora

Momentu hartan boom moduko bat bizi izan zutela kontatzen du Azkaratek, eta  ekoizpen ekologikora salto egiteko aprobetxatu nahi izan zuten aukera. “Eredu ekologikoan hektareako bi behi eduki daitezke gehienez, eta guk momentuan 100 behi genituen 22 hektareatan”, dio. Berriz ere kalkulagailua atera, eta zera erabaki zuten: behi kopurua jaistea eta hurbilean nekazaritza uzten ari zen jendeari lurrak alokatzea. “51 buru ditugu gaur egun, 35 hektareatan”. Buru kopurua jaitsita ere, prozesu osoa haien gain hartzearekin, sei lanpostu dituzte gaur egun Jauregian.

Dena den, eredu aldaketarekin hasi zirenean antzeko esperientzia gutxi zeuden, eta onartzen dute hasmentan zailtasunak ere izan zituztela. Urte batzuk geroago, ordea, hartutako bidea egokiena dela argi dute: “Betiko ekoizpen industriala agortua dagoela uste dugu guk; arazo latzak sortzen ditu ingurumenean eta alor sozialean, herriak husten ari dira… badira bestelako eredu errentagarriak”. Hurbilean saltzen dituzte Jauregiako esnea, jogurtak, batidoak eta gazta: Baztan-Bidasoa inguruan eta Iruñean, eta dendez gain, kontsumo taldeetara eta hurbileko eskola txikietako jantokietara ere iristen dira. “Gure kabuz bilatu behar izan ditugu bideak, hanka sartuz, baina gaur egun nahiko egoera onean gaude”, amaitu du.