Jauregia etxaldearen lan egiteko modua ezagutu zuten hurbildutakoek, kalitatezko musika eta otorduekin batera
Populazioz Baztango herri ttipiena den Anizen bikoiztu egin zen larunbatean jende kopurua, izan ere, EH Kolektiboak eta Iametza komunikazioak, Baztango Udalaren laguntzaz antolatutako Baserriko Uztaren aurtengo lehenbiziko ekitaldiak jendetza erakarri zuen bere ttipitasunean handia den herrira. Eguraldia hotza izanagatik, giro gozo, beroa izan zen egun osoan zehar.
Aspalditik esperotako hitzordua zen, izan ere, berez duela bi urte egitekoa zen, baina dena prest zegoenean, pandemiak alde batera uztera behartu zituen.
Baserriko Uzta, 2017an martxan jarritako egitasmoa da, musika eta baserria uztartuz, herritarrek etxaldeak bertatik bertara ezagutzea du helburu, eta urtaro bakoitzean herrialde desberdin bateko etxaldean egiten da, bere lan egiteko era ezagutarazi bidenabar, tokian tokiko musikari bat ere gonbidatuz.
Larunbatean Anizen zen hitzordua, Azkarate Tomassone familiak kudeatzen duen Jauregia etxaldea kokalekutzat hartuz. Betidanik esne behiak atxiki dituzte bertan, baina azken 20 urteetan beren lan egiteko modua erabat aldatu dute.
2004an, esnea kanpora saltzeari utzi eta esnekiak ekoizten hasi ziren. Jogurtak, irabiatuak ,gasna freskoa eta behi gasna egiten dituzte. 2008an, Elizondon, estatuan aitzindaria izan zen makina jarri zuten, esnea eta esnekiak salgai jarriz. Ez zen hor akitu beren eraldaketa, izan ere, beren ekoizpena ekologikoan egitera jauzi egon zuten ondotik, eta azken urteetan horretan jarraitzen dute. Kontent dira, beren bizi kalitatea hobetzeaz gain, lurrarena, behiena, eta produktuena ere hobetu direlako.
Larunbatean beren lan egiteko era aurkeztu zieten etxaldera hurbildutakoei. Bi taldetan banatuta, etxaldea, belaiak, behiak eta gasnategia bertatik bertara ezagutu zituzten, Jauregiko lagunen azalpenez jantzita.
Bisita akituta, hamaiketakoa hartu zuten denek. EH Kolektiboko ekoizleen kalitatezko produktuz hornitua: gasna, ogi, sagardo, muztio eta salda beroa, haragiarekin egindakoa eta baita beganoa ere. Zinez eskertu zuten.
Ondotik, gonbidaturiko musikariaren txanda izan zen. Pettik bazkaldu aitzinetik egin zuen bere emanaldia, lan handiak egin ondotik kontzertu gune eta bazkaritarako jangela gisa atondutako lastotegian.
Musikarekin belarriak goxatu ondotik, berriz ere sabela gozatzeko unea ailegatu zen. 100 bazkaltiar inguruk, hamaiketakoan bezala, produktu hautez osaturiko menuaz gozatu ahal izan zuten, elar gehiago ezagutuz, Baserriko Uzta goraipatu eta etorkizuneko erronka berriez mintzo.
Eguna borobiltzeko, Hauspolariek bikotearen eskutik hjarraitu zuen musikak, arratsaldea dantzan eta kantuan emanez.
04·04·22 | 00:28
Noticias de Navarra