Behi-esne abeltzaintza ekologikoaren V. topaketa Anizen

Behi-esne abeltzaintza ekologikoaren V. topaketa egin dute asteburuan Anizen

Galiziako, Asturiasko, Kantabriako, Kataluniako eta Euskal Herriko 25 esne ekologikoko ekoizle bildu dira asteburuan Anizen Behi-esne abeltzaintza ekologikoaren V. topaketarako

Larunbat goizeko tailerrarekin hasi zen topaketa, eta Jauregiko Aitor Azkaratek azaldu duenez, hainbat gairi buruz aritu ziren: «esnearen komertzializazioa, transformazioa, belarrean oinarritzen den behien elikadura nola osatu eta lanaren kudeaketa». Mendiarte elkartean egin zuten bazkaria, eta arratsaldean Jauregia Esnekiak bisitatu zuten. Etxaldea ezagutu ondotik, duela bi urte azken topaketan eratutako AGALVE (Asociación de Ganaderías de Leche de Vaca Ecológica) elkartearen lehen batzarra izan zuten. Eguna akitzeko afaria egin zuten Lesakako Linddurrenborda sagardotegian.

Igandean INTIAk Orreagan duen Aspace Biointegra proiektura egin zuten bisita. Gero, asteburuan landutakoaren ondorioak amankomunean jarri zituzten eta bazkalondoan akitu zuten topaketa. Hurrengo urtean seigarren topaketa izanen da eta Katalunian egitea aurreikusi dute.

Argazkiak: Aitor Azkarate
Ttipi-Ttapa 2023-02-06 16:30